Polimaitasuna gero eta gehiago entzuten dugun terminoa
da. Terminoak, berez, ez du azalpen handirik behar, jakingo duzuen bezala,
‘poli’ atzizkiak aniztasuna adierazten baitu. Harreman monogamo itxiak nagusi
diren gure gizarte honetan, aldi berean harreman sexual bat baino gehiago
izateak eta gure kideek horren berri izateak (eta onartzea) bereizten du
polimaitasuna.
Zenbaki honetan
jorratzen dugun kaixomaitia.eus-eko lagunek burutu duten azterlanean ikusten
den bezala, euskaldunok gero eta joera irekiagoa dugu orain arte nagusi izan
den harreman eredua ez den beste harreman ereduekiko. Hala ere, errealitate eta
desiraren artean, zenbait kasutan, alde nabarmena izaten da eta, horrelako
harreman bat erakargarri izan ahal badugu ere, horiek eraikitzeko konfiantza,
leialtasuna, mugen negoziazioa eta ulermena bezalako balioak ezin bestekoak
bihurtzen dira.
Polimaitasunarena
azken boladan azaldu den joera dugu, eta gizartean ematen diren aldaketen
ondoriotzat jo daiteke. Horrela, gazteok harreman afektibo zein sexualak beste
modu batera ikusteko joera azaltzen dugu; harremanak ez dute pertsona bakar
batekin eta ez dute zertan betirako izan behar. Modu horretan, erlijiotik eta
gure gizartean nagusi den eredu patriarkaletik urrunduko ginateke.
Gaur egun erlazioak
gozatzeko erabiltzen dira eta askotan erlazio asko eta oso jarraituak izaten
dituzte gazteek, baina joera honen jarraitzaileek ikuspen etiko batean
oinarritzen dira zeren eta guztiek daude ados erlazio mota honekin.
Nahiz eta zerbait
berri iruditu, Estatu Batuetan hainbat polimaitasun komunitate agertu dira.
Hala ere, Euskal Herrian oraindik betiko familia eredua ezarrita dago eta urte
batzuk hartuko du harreman mota berri hau guztiz onartuta izateko.